Chillidabanner

  ERAKUSKETA   CHILLIDA  OBRAK   PUBLIKO OROKORRA   FAMILIENTZAKO JARDUERAK   EDIZIOA  

 

chillidapasada   chillida. bideak

 

2014ko ekainaren 20tik irailaren 28ra


Komisarioa: Ignacio Chillida

 

 

Bideak izenburuak bidearen kontzeptuak Eduardo Chillidaren lanean izan duen garrantzia nabarmentzen du, formal eta estetikoki nahiz kontzeptualki, eta, bitxia bada ere, gutxitan aztertu izan den gaia da beraren lanei buruz egindako azterketetan. Horregatik, kubo-kutxa Aretoko erakusketa honek eskultoreak bere bizitza artistiko luzean jarraitu dituen ibilbideak erakutsi nahi ditu; batzuetan norabide berean doazen ildoak dira, beste batzuetan desbideratu egiten dira, gero abiapuntu berera itzultzeko, ondoren berriro biratu eta desbideratu egiten dira beste orientabide bat saiatzeko. Batzuetan, bideak topaleku batean, gertatzeko gune batean, elkartzen dira, gero biratu eta berriro ere banatzeko.


Baina lerro horietako bakoitza da, Eduardo Chillida bera parafraseatuz, “beti sekula ez ezberdina baina sekula ez beti berdina”. Chillidak sorturiko bide horiek guztiak aztarnak utziz joan dira, aztarna ezabaezinak eta nahastezinak. Aztarna horiek gauzatu dira, alde batetik, munduko zenbait plaza eta lekutan barreiaturik dituen bere eskultura publikoetan, baina, bestetik, imajinario

kolektiboan dauden eta belaunaldietan zehar iragazkorrak diren idazkera artistiko eta kode estetiko batzuen egileak ere badira.
Kubo-kutxa Aretoak Chillidarik lurtarrena aurkezten du: gure artean sakontasun handiko aztarnak utzi zituen pertsona izan zen, haren lan artistikoaren mugak gainditzen dituzten aztarnak, lan bakoitzarekin urratsez urrats eraikiz joan zen nortasun irmoak markaturiko aztarnak; eta bere ingurukoarekiko harridurak eta txundidurak markaturiko gizona izan zen, baita espazioa galdekatzeko eta hutsunea atzemateko borondate etengabeak markatua ere. Baina, batez ere, erakusketak artistaren aurpegirik hurbilena eta gizatiarrena errebindikatzen du, beregan lokalaren eta globalaren arteko elkarrizketa uztartzen duena, bere Herriko artista izan baitzen, sorterri zuen Euskal Herrian erro sendoak zituena, nahiz eta haren lanak hasiera-hasieratik nazioarteko proiekzio handia izan.