ERAKUSKETA | OBRAK | PUBLIKO OROKORRA | FAMILIENTZAKO JARDUERAK |
![]() |
JOSÉ MANUEL BALLESTER. ARGI BASOAK
2015eko otsailaren 13tik maiatzaren 31ra
|
|
31 argazkiren bidez, Jose Manuel Ballester. Argi Basoak erakusketak Madrilgo artista honen azken zortzi lan-urteak aurkezten ditu; margolari eta argazkilari honek Argazkigintzako 2010eko Sari Nazionala jaso zuen bere ibilbide pertsonalagatik eta espazio arkitektonikoaren eta argiaren interpretazio bereziagatik. Bere lanaren aukeraketa zorrotzak, María de Corral eta Lorena Martínez de Corral komisarioek eginak, aukera ematen digu José Manuel Ballesterren lanean azken hamarkada honetan izan den bilakaerara hurbiltzeko.
Artistak bere lanaren motiboa arkitekturaren eta hiriaren, margolaritzaren eta argazkigintzaren edo artifizialaren eta naturalaren artean ematen diren frikzio-espazioetan aurkitzen du. Bere lanak hiri-esperientziaren konplexutasuna islatzen du sarri talka-gune berri baten ─gizabanakoa globalizazioaren aurrean jartzen duenaren─ bidez.
Ballesterrek serieen bidez lan egiten du; erakusketa honetan askotariko gaien sorta edo aukera dago: paisaia-espazio handiak, Txinatik Brasileraino doazenak; industria-nabeak, artistarentzat iraganari eta etorkizunari begiratzeko lekuak direnak; eta museoak, Argi Basoak erakusketan gehien agertzen den gaietako bat, batzuk eraiki berriak, beste batzuk berriztatuak eta beste zenbait jada desagertuak.
Azken Afaria ospetsuan, Ballesterrek jatorrizko margolanaren tamaina (zortzi metro baino gehiagokoa) errespetatu du; Leonardo da Vincik bere maisu-lan handietako batean margotu zuen agertoki beraren aurrean jartzen du artistak ikuslea, baina orain inor gabe agertzen da gela, erabat hutsik, apostolurik gabe, artistak argazki serie honetan garatzen duen funtsezko gaietako batean eraginez: presentzia absentea.
|